Aurten ere, Visesak bat egin du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Emakunde - Emakumearen Euskal Institutuak sustatu duen sentsibilizazio-kanpainarekin. Hain zuzen ere, aurten, zaintza-lanei dagokien balioa ematea da kanpaina horren xedea.
Kanpainak zaintzarekin loturiko hiru alderdi nagusi hauek azpimarratzen ditu:
- Zaintza-lanen ikusgaitasuna.
- Zaintza-lan horiei balioa emateko beharra.
- Erantzukidetasuna: zaintza-lan horiek gizonen, emakumeen, erakundeen eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra.
Zaintzak erdigunean jartzeko beharra da aldarrikapen nagusia; ezinbestekoa da zaintza-lanei dagokien balioa eman eta modu parekatuan banatzea, eta halaxe jasotzen da hainbat esparru programatikotan. Besteak beste:
- NBEk sustatzen duen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak, 4 puntuan, botere publikoei eskatzen die “zaintza-lanak eta ordaindu gabeko etxeko lanak aitortzeko eta horiei balioa emateko”.
- EAEko Emakumeen eta Gizonen Berditasunerako Planak jasotzen du beharrezkoa dela “gizarte-antolakuntza berri bat, zaintza-lanak estatuaren, merkatuaren, familien eta gizarte zibilaren artean banatzeko. Horrek esan nahi du ezin direla emakumeak izan modu naturalean zaintza-lanen ardura jasotzen dutenak”.
Visesak kausa horrekiko konpromiso sendoa du eta hainbat ekintza gauzatzen jarraituko du, bere Berdintasun Planaren esparruan, helburu horiek erdieste aldera.